2008 urtean Donostian sortutako talde honen bereizgarri indartsuetako bat hasieratik zuzenekoetan aritzeko agertzen duen energia izan da. Honek bideratuta, bere ibilbide guztian zehar altua da eskaini dituzten kontzertu kopurua, azken hilabeteetan gorantz egin duena gainera, lau hilabetetan berrogei zuzeneko eskaintzera iritsitz.

Duela hiru urte, beraien izaera definitzen hasiko zen lehen lan luzea grabatu zuten Usurbilgo Higain Estudioetan, Ahots gabekoen ahotsa (2012), hain zuzen ere. Handik aurrera, bai nazio mailan, bai nazioarteko mailan aski ezagunak diren hainbat talderekin batera jotzeko aukera izan zuten, Manu Chao artistarekin 40.000 pertsonen aurrean emandako kontzertua, kasu.

2014 urte amaieran iritsi zen, ordea, Skakeitan taldeak jasandako eboluzioaren fruitu izan den Orekariak (2014) lana, hau ere Usurbilgo Higain Estudioetan aurrera eramana Haritz Harreguyren gidaritzapean. Proiektu honen babes ekonomikoa ahalbidetzeko, crowdfunding edo finantzaketa kolektibo baten aldeko apostua egin zuten, oso erantzun ona izan zuelarik.

Handik aurrera, asko izan dira taldeak zapaldu dituen oholtzak. Honen adierazbide izan dira, besteak beste, 2015. urtean Benicassimen (Balentzia) ospatzen den Rototom Sunsplash jaialdia, Europako reggae jaialdi garrantzitsuena, hain zuzen ere; Bad Manners taldearekin batera buruturiko zenbait kontzertu, bai EH mailan, baita estatu mailan ere, edota Japan Tour (2015) bira arrakastatsua, Tokyoko hainbat aretotan zuzenekoak emateko aukera ahalbidetu ziena. Bestalde, 2016. urte hasieran Suitzan izan ziren zuzeneko emanaldi batzuk eskaintzen Berna, Luzerna eta Bremgartenen, besteak beste, Reitschule etxe mitikoa zapalduz.

Skakeitan taldea

2016 urte amaieran disko berri bat aurkeztera datoz, hau ere Haritz Harreguyren Higain Estudioetan grabatu eta nahastua, baina aire berritzaile batekin.
Galera (2016) izenburupean bederatzi abesti berri dakartzate, oraindik zeresan handia dutela argi utziz.